2017/08/31

Jendaurreko kontsulta, entzunaldia eta informazinoa, ordenantzak eta aratuegiak prestatzeko eta aldatzeko prozedura

-

Herritarrek arautegiak atontzeko prozeduran parte hartuko dabela ziurtatu guran, eta Herri Administrazinoetako Administrazino Prozedura Erkidearen ganeko urriaren 1ekoo 39/2015 Legeak bere 133. artikuluan ezarritakoaren arabera, araua prestatu baino lehen, aldez aurretiko jendaurreko kontsulta egin beharra dago herritarren eretxia eta arauak ikututako erakunderik garrantzitsuenen eretxia batzeko hainbat alderdiren ganean, esate baterako ekimenaren bitartez konpondu gura diran arazoak, onarpenaren premina eta aukerea, arauaren helburua eta urtenbide alternatibo erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.

2017ko bagileko bilkuran, Larrabetzuko Udalak aldez aurretiko jendaurreko kontsulta, entzunaldi eta informazinorako gidalerroak onartu eban udal arauak prestatzeko prozedurearen barruan.

Horren guztiaren ondorioz, 2018rako zerga ordenantzak aldarazoteko eta eguneratzeko proiektuaren prestaketea aldez aurreko kontsulta publikoaren pean iminten dogu.


Egutegia honakoa izango da:

· Irailaren 22ra arte kontsulta epea zabalik egongo da eta memoriaren ganeko eretxiak edo ekarpenak udaletxera ekarri ahalko dira erakundera etorriz, egoitza elektronikoa erabiliz edo udala@larrabetzu.eus helbidera e-mail bidez bialduz.

· Irailaren 26tik urriaren 6ra webgunean argitaratuko da 2018rako zerga ordenantzak aldatzeko aurreproiektua. Herritarrei entzunaldia emateko eta eretxiak batzeko. Horreek udaletxera ekarri ahalko dira erakundera etorriz, egoitza elektronikoa erabiliz edo udala@larrabetzu.eus helbidera e-mail bidez bialduz.

· Urriaren 18ko Ogasun Batzordean testua aurkeztuko da haren ganean eztabaidatzeko.

· Urriaren 25eko bilkuran 2018rako zerga ordenantza barriak onartuko dira.

· Zemendian BAOn argitaratuko dira, jendaurrean egoteko.

· Abenduan behin betiko onarpena argitaratuko da.


2018. URTERAKO, ZERGA ORDENANTZAK ETA PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DAUEN ORDENATZAK ALDATZEKO MEMORIA

· Konpondu beharreko arazoak

Larrabetzuko Udalaren udal gobernuak 2018rako zerga ordenantza batzuk eguneratzeko asmoa dauka (zergak, tasak eta prezio publikoak arautzen dauen ordenantzak), eta horrek aldarazpenak ekarriko dauz, behar adina sarrera izango dirala ziurtatzeko eta, halan, erakundearen eskumenak bete ahal izateko. Tributuen helburu nagusia da beharrezko diru sarrerak lortzea, udalaren eskumenekoak diran gastuei eta zerbitzu publikoei eusteko. Horretarako, sistemea gidatu behar dauen printzipio bat dago, hau da, zergak ordaintzeko benetako gaitasun handiagoa daukanak gehiago ordaintzea. Larrabetzuko Udalak, erreferentziazko legeriak ahalbidetzen deutson neurrian, printzipio hori aplikatuko dau zuzenekoak diran zerga tributuetan, tributuok personen gaitasun ekonomikoaren zuzeneko edo berehalako agerbide bat zamatzen dabelako, berbarako ondasun baten jaubetzea edo errenta baten lorpena. Udal eremuan zuzeneko tributuak honakoak dira: ondasun higiezinen ganeko zergea, jarduera ekonomikoen ganeko zergea, trakzino mekanikozko ibilgailuen ganeko zergea eta uri lurren balioaren gehikuntzearen ganeko zergea. Zentzu honetan, erreferentziazko legezko markoak ahalbidetzen deutson neurrian, Larrabetzuko Udalak zuzeneko tributuetan kenkari, hobari edo eransketen araubidea ezarriko dau, personen gaitasunari erreparatuz eta kasu bakotxean lortu gura dauzen printzipio eta helburuak kontuan hartuz. Era berean, zerbitzu publikoen ganeko zerga ordenantzak be eguneratuko dira.

Gaur egun, zerga ordenantzetan araututako diru sarrerak, batez be zergak, tasak eta prezio publikoak Larrabetzuko Udalaren diru sarrera guztien %35 inguru dira. Sarrerak batez be Udal Finantzazinoaren Foru Funtsetik datoz (Udalkutxa), horixe da-eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako tresnea, udalek euren eskumenei jagokezan betebeharrei aurre egiteko behar beste finantza baliabide euki daiezan.

Beste alde batetik, udal eskumeneko zerbitzu publikoen gastu eta kostuen zenbatekoa handitzen da ekoizpenari eta ezarpenari hainbat faktorek eragiten deutselako (lan kostuak, kostu materialak...); horreek urterik urte eguneratzen dira udalak ordaindu beharreko azken prezioa areagotuz. Hori dala eta, gure zerga ordenantzetan eta prezio publikoen ordenatzatan aldarazpen txikiak sartu behar dira, udalerrian sortutako gastuen ordainketea bermatzeko eta zerbitzu publikoen prestazio zuzena ziurtatzeko, halan sarreren eta gastuen kontuaren orekeari eustea lortuz.


· Premina eta aukerea

Aldarazpenaren behin-behineko onarpena urriko bilkuran planteatu beharra dago, 2018ko urtarrilaren batean indarrean sartu daiten, behin hogeita hamarreko jendaurreko epearen ondoren, interesdunek espedientea aztertu daien eta egokitzat joten dabezan erreklamazinoak aurkeztu daiezan.

Ganera, hilabete horretarako udalaren sarrera eta gastuen egoerearen hurrerapena eukiko dogu; halanda ze, udal preminen irudi fidagarriagoa planteatu beharko da zergen arloan.

Ganera, zergen arloko eztabaidan sartu beharra dago herritarrek Txorierriko herri desbardinetan jasaten daben zerga presinoaren ganeko gaia. Ez dauka zentzunik personak bizi diran udalerriaren arabera euro mordo gehiago ordaindu beharra kontzeptu eta zerbitzu bardinen truke. Oro har, gure udalerriko zergak, tasak eta prezio publikoak gure inguruko udalerrietakoak baino dezente txikiagoak dira, eta, beharbada, komenigarria izan daiteke bardintzera jotea, zerbitzu publiko hobeak eta ugariagoak eskaintzeko oinarriak ezarriz.


· Arauaren helburua

Ordenantzearen ganeko jarduketa honen helburua da zergak, tasak eta udal prezio publikoak eguneratzea.


· Urtenbide alternatiboak

Toki Erakundeen Ogasuna osotzen daben baliabideak honakoak dira:

a) Ondaretik jatorkozan sarrerak eta zuzenbide pribatuko ganerakoak.

b) Zergetan, tasetan eta kontribuzino berezietan sailkatutako tributuak, bai eta Toki Ogasunaren alde oinarri edo kuoten ganean legez eskatu daitekezan errekarguak be.

c) Zerga itunduetan, ez-itunduetan izandako partaidetzak eta ganerako sarrera publikoak.

d) Diru-laguntzak.

e) Prezio publikoen kontzeptuan jasotakoak.

f) Kreditu eragiketen emoia.

g) Isunen eta zigorren emoia udalaren eskumenen eremuan.

h) Zuzenbide publikoko ganerako prestazinoak.


Larrabetzuko Udalaren ogasuna Udalkutxa bidez itundutako tributuetan izandako partaidetzeak osotzen dau gehienbat, bai eta tributu propioek eta, neurri txikiagoan, diru-laguntzek eta prezio publikoek be.

Gaur egun, indarrean dagoan udal finantzazinoaren sistemearen bidez eta Udalkutxatik datozen sarreren gorabeherak ikusita, beharrezkoa da zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratzea eta ez dago bestelako alternatibarik emoten diren zerbitzu publikoen eta gastuen gehikuntzeari aurre egin ahal izateko.


Atzera